Iñurritzako hegaztiak ezagutzeko gidaliburua kaleratu du Arkamurkak

26 Dic

Ingurumen Sailarekin elkarlanean kaleratu du, eta bertan jaso ditu biotopoko balio naturalen zein askotariko espezien nondik norakoak. Zarauzko hainbat dendatan jarri dute salgai, 15 euroan.

Vazquez, Arkamurkako ordezkariekin batera (Amaia Ventas Aldabaldetreku).
Vazquez, Arkamurkako ordezkariekin batera (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza

Birigarroa, amiltxoria, ubarroia, zankaluzea, antxeta mokogorria, paparurdina, txilinporta txikia, kopetazuria… Asko eta asko dira Iñurritzako biotopoan aurki daitezkeen hegazti espezieak. Zehazki, 230 mota ditu sailkatuta Arkamurka natur elkarteak Malla Harriko labarretan, Talaimendin, dunetan zein hareatzetan, kanaleko paduran eta Ixpillako urmaelean. Horietatik ehun hegazti «adierazgarrienekin» gidaliburua osatu du orain, Zarauzko Udalaren Ingurumen Sailak lagunduta.

«Ingurumen Sailaren helburua da bioaniztasuna zaintzea. Horretarako, funtsezkoa da gure herriko fauna eta flora ezagutzea, baita herritarrei erakustea ere, guztiek zain dezaten», nabarmendu du Ingurumeneko zinegotzi Gloria Vazquezek. Hori izan da biotopoko hegaztien gidaliburua sortzeko abiapuntua. Horretarako, atalka banatu dute liburua, Aitziber Sarobe Arkamurka natur elkarteko kideak jakinarazi duenez.

Lehenbiziko ataletan, biotopoko balioak jaso dituzte, bereziki, ornitologiari begira. «Iñurritzan ezinbesteko hainbat habitat daude; hegaztien migra­ziorako giltzarria da eremu hori». Sarobek jakinarazi duenez, Euskal Herrian «asko murriztu» dira habitat batzuk, «urbanizazio kontuengatik eta giza presioarengatik». Horrenbestez, «bereziki garrantzitsua» da eremu hori mantentzea, zenbait espezieren biziraupena bermatzeko. Hala, natura kontserbazio ikuspegitik eremuan eman dituzten pausoak eta biotopoak izan duen garapena azaldu dute lehen ataletan, baita Arkamurka elkarteak berak egindako ikerketen nondik norakoak ere.

Eremu horretako hegazti «ohikoenak» jaso dituzte ondorengo atalean; ehun bat, guztira. «Ez daude diren guztiak; Iñurritzan beste hainbat espezie ere badaude, baina gidaliburuan jasotakoak modu batera edo bestera erraz ikus daitezkeenak dira, betiere arreta jarrita, denborarekin eta pazientziarekin», dio. Zentzu horretan, hegaztiak behatzeko aholkuak ere bildu dituzte.

Hala ere, natur elkarteko kideak gogoratu du, hegaztien migrazioko eremua izaki, egunetik egunera «asko» aldatzen dela bertako errealitatea. Zentzu horretan, egutegi bat ere jaso dute liburuan, hilabetez hilabete zein hegazti ikusteko aukera dagoen argitzeko. Horrekin batera, gogoratu du biotopoaren inguruko blogean (inurritzakoak.blogspot.com.es) dagoela jasota urte garaiei dagokion informazio zabalagoa.
Arkamurkako kideek biotopoan eta inguruan ateratako argazkiekin zein ilustrazioekin lagundu dituzte testuak. Iñurritzako hegaztien gidaliburua herriko dendetan dago salgai, 15 euroan.

«Guztion altxorra»

«Biotopoa guztion altxorra da eta guztion ardura da hor duguna zaintzea», nabarmendu du Sarobek. Harekin bat egin du Ingurumen zinegotziak, eta gogoratu du eremu babestuan ezin dela sartu, hegaztientzat kaltegarria delako. Hori dela eta, herritarrek «egokiak ez diren jarrerarik» ikusiz gero Arkamurkako kideengana jotzeko eskatu du Sarobek, beraiek «orain artekoa egiten» jarrai dezaten: «Hor dugun altxorra aztertzen eta zaintzen», hain zuzen ere.

Biotopoko hegaztiak ezagutzeko irteerak, udaberritik aurrera

Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak gogoratu du sail horrek herriko bioaniztasuna ezagutarazteko hainbat lan egin duela: hondartzako arroketako bioaniztasuna aztertu du Azti Tecnalia elkartearekin, dunetako landareria Aranzadi elkartearekin, eta, orain, biotopoko hegaztien inguruko gidaliburua kaleratu du, Arkamurka natur taldearekin.

Liburu horretan oinarrituz, bisita gidatuak egiteko asmoa dutela jakinarazi du Ingurumen zinegotziak. Aurreikuspenen arabera, udaberri aldera hasiko dira zerbitzu hori eskaintzen, hain justu ere, urte garai horretan biltzen baita hegazti gehien biotopoan.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

A %d blogueros les gusta esto: